
Finalerdietako lehen puntua eskuratu nahi du Txuri Urdinek Majadahondan
Finalerdietako lehen puntua eskuratu nahi du Txuri Urdinek Majadahondan
Talde madrildarraren aurka jokatuko du larunbatean 14.00tik aurrera
Iritsi dira playoffak. Txuri Urdinek larunbat honetan (14.00) Madrilen jokatuko du Majadahondaren aurka finalerdietako lehen partidua. Donostiarrek bi garaipen lortu behar dituzte hiru partidutan finalean egoteko. Bigarren eta hirugarren neurketak Donostian jokatuko dira hurrengo astean.
Madrileko partidua garrantzitsuena dela argi daukate Tito Marcelinoren mutilek. Han irabazizgero, ia ezinezkoa izango litzateke kanporaketa etxean ihes egitea eta erasora aterako dira Majadahondan donostiarrak, puntu bateko aldearekin jokatzeko etxeko partiduak.
Txuri urdinen lana liga erregularrean bikaina izan da. Lehenengo fase horretan emandako mailari eusten badiote gipuzkoarrek, aurrera egiteko aukera izango dute. La Nevera izotz jauregian jokatutako bi partiduak irabazi ditu Txurik, baina entrenatzaileak hedabideen aurrean gogoratzen zuen garaipen horiek ez zirela batez ere errazak izan. Madrilen jokatutako azken partiduan 3-4 irabazi zuten Donostiakoek.
Machacek eta Gimenez izango dira Marcelinoren arma nagusiak erasora jotzerakoan. Txekiarra liga erregularreko golegilerik onena izan da. Amerikarra, berriz, goleko pase gehien eman duena. Sekulako bikotea osatzen dute eta Patrick Fuentesen itzulera aukera gehiago emango dizkio Marcelinori erasoan. Kanadatik itzuli da donostiarra playoffak jokatzeko eta fitxaketa berria balitz bezala hartzen dute gipuzkoarrek. Aurrelariez gain, Ander Alcaine daukate donostiarrek seguru bezala atzekaldean. Jakatarrak ligako atezainarik onena dela azaldu du eta sekulako ziurtasuna eskeintzen du ate azpian.
Argudio guzti horiek, baikor azaltzeko arrazoiak ematen dizkiote Tito Marcelinori: “Liga erregularrean emandako mailari eusten badiogu, finalean egon gaitezke”, adierazten du. Bere ustez, “Majadahonda talde ona da” eta argi utzi zuen aurreko igandean Donostian irabazten (4-9). Dena den, neurketa guztiz ezberdina espero du Madrilen entrenatzaile txuri urdinak: “Talde ezberdinarekin joango gara Madrilera. Ligan minutu gutxi jokatu zuten mutilekin aritu ginen Donostian”, azaltzen du donostiarrak.
Bi liga jarraian irabazi ondoren, hirugarrena lortzeko presioa agertzen da, baina entrenatzaileak pausoz pauso joan nahi du: “Lehen urratsa Madrilen irabaztea da. Oso garrantzitsua da eta han garaipena lortuzgero, bi aukera izango ditugu etxean finalerdia erabakitzeko”.
Lau aldiz aurrez aurre izan ondoren, ondo ezagutzen du Marcelinok talde madrildarra: “Talde gaztea da eta asko patinatzen duena. Ez da arerio erraza eta Majadahondan jokatutako azken partiduan 3-4 irabazi genuen, beraz asko kostatuko zaigu”. Larunbatean “erasotzaileak izatea” da gakoa entrenatzailearen iritziz.
Moranen eta Cabraren bajak, lan egin behar dutelako, dauzka Tito Marcelinok eta Johan Larsonen zalantza. Suediarrak kolpe hanudia hartu zuen Jakaren aurka eta oraindik ez da entrenatu aste honetan. Azken momentuan erabakiko du Madrilen jokatzeko gai izango den. Astean zehar, Gabor eta Hernandez sendatu dira, beraz Majadahondan jokatzeko prest egongo dira.
BAJAK
Ander Morán (Lan egin behar du)
Borja Cabra (Lan egin behar du)
Johan Larson (Kolpe bat jaso zuen Jakaren aurka eta azken momentura arte zalantzan egongo da bere parte-hartzea)
PLAYOFFAK:
FINALERDIAK, LEHEN PARTIDUA:
Majadahonda-Txuri Urdin
Barcelona-Puigcerdá