
Asteburu erakargarria Txurin
Asteburu erakargarria Txurin
Mutilak finaleko bi lehen partiduak jokatzen dituzte Puigcerdaren aurka eta neskek Sumendiren bisita jasotzen dute finalerdietako lehen partiduan
Erakargarria izango da hurrengo asteburua Izotz Jauregian. Txuri Urdineko mutilek finaleko lehen bi partiduak jokatuko dituzte (larunbatean, 21.45-tan eta igandean, 14.00-tik aurrera) Puigcerdaren aurka eta Izotz Jauregia izango da ere nesken finalerdietako lehen neurketako eszenatokia (larunbatean, 13.30-tan Sumendiren aurka). Hockey-a izango da nagusi larunbatean eta igandean eta partiduei buruz hitz egiteko agertu ziren prentsa aretoan Tito Marcelino eta Patrick Fuentes (mutilen entrenatzailea eta jokalaria) eta Koldo Saenz eta Oihana Zaldua (nesken entrenatzailea eta jokalaria).
Asteburuko lehen neurketa neskena izango da. Hiru partiduetara izango da finalerdia Sumendiren aurka eta bakarrik lehenengoa izango da Donostian. Beste biak Gazteizen jokatuko dira. Erronka haundia da donostiarrek daukatena. Arabarrek bigarren bukatu dute liga, gipuzkoarren aurretik, eta liga erregularrean jokatutako bi partiduetan porrota jaso zuten Koldo Saenzen neskek.
Baina entrenatzialea baikor agertu zen eta playoffak guztiz ezberdinak izango direla uste du: “Playoffak oso zailak eta ezberdinak dira. Tentsioa eta urduritasuna agertzen dira eta hori kudeatzea ez da erraza”.
Ez dira inoiz sailkatu playoffak jokatzeko Txuri Urdineko neskak, baina lehen neurketa etxean jokatzea “lasaitasuna” ematea espero du Saenzek. Argi dauka entrenatzaileak Donostiako neurketa irabaz dezaketela “playoffetan, faboritoak beti gal dezakeelako”.
Oihana Zalduak, berriz, aldagelan nabaritzen duen motibazioa jartzen du argudio bezala larunbatean partidu on bat egingo dutela azaltzeko: “Faktore psikologikoa oso garrantzitsua da guretzako. Badakigu motibazioa ez duela miraririk egiten, baina garrantzitsua da partidu hauek aurrera ateratzeko”.
Marcelino, hirugarren ligaren bila
Mutilek, ordea, bost partidu dauzkate aurretik Puigcerdaren aurka, baina lehenengoa da garrantzitsuena Tito Marcelinoren ustez. Taldea ez dagoela bere momenturik onenean aitortu zuen entrenatzaileak, baina konfiantzaz hartzen ditu lehen bi neurketa hauek: “Joko aldetik ez da momenturik onena, baina taldea gogotsu dago”.
“Finalerdia ez zen erraza izan”, gogoratzen du entrenatzaileak “eta finala gogorragoa izango da”. Horregatik “bihotzarekin eta buruarekin jokatu behar ditugu partidu hauek. Ez da beharrezkoa taldea motibatzea”, gehitu zuen.
Finaleko aurkaria, Puigcerdak, “ez zuen ondo hasi denboraldia, baina aurrera egin duen arabera, hobetu du bere maila eta neurketa zailak espero ditut”. Gakoa lehen partiduan egon daitekela dio Marcelinok: “Garrantzitsuena da partidu hori. Irabazten badugu, psikologikoki nabarituko dugu”.
Bukatzeko, afizioari deia egin zion entrenatzaileak: “Funtsezkoa da zaleak gurekin egotea eta Txuri betetzea”. Arlo horri buruz, afizioaren garrantzia goraipatu zuen ere Patrick Fuentes jokalariak: “Jendea gurekin ikustea indarra ematen digu”. Majadahonda Puigcerda baino “erasokorragoa” dela dio aurrelari donostiarrak eta neurketa “irekiagoa” espero du.
Nahiz eta Puigcerdaren aurka jokatutako partidu guztiak irabazi, Fuentesek ez du konfiantzarik nahi: “Atera behar gara izotzera gu baino hobeak direla pentsatzen, baina irabazi dezakegula argi izanda”
Sarreren salmenta
Klubak 10 eurotan jarriko ditu salgai partidu bakoitzerako sarrerak, baina prezio berezia eskeintzen du hiru neurketak ikusi nahi dituztenentzat. 20 eurotan egongo da salgai hiru partiduak ikusteko abonua.
Leihatilak partidu bakoitza baino ordubete lehenago irekiko dira, beraz hiru partiduetarako abonua larunbatean 12.30tik aurrera egongo da salgai.