FINALES PLAYOFFS TXURI - PUIGCERDA HOCKEY HIELO

Finala hasiko da Donostian

Finala hasiko da Donostian

Lehen bi partiduak jokatuko ditu larunbat eta igandean Txurik Puigcerdaren aurka

Hemen da ligako finala. Larunbatetik aurrera, Txuri Urdin eta Puigcerda egongo dira nor baino nor gehiago bost partiduetara jokatuko den finalean. Lehenengo bi partiduak Donostian izango dira larunbat eta igande honetan (21.45 eta 14.00-tan) eta Tito Marcelinoren mutilek Gironara abantailarekin bidaiatzeko asmoarekin hartuko dituzte etxeko  bi neurketak.

Majadahondaren aurka espero zuten baino gehiago sufritu ondoren, Donostiarrek euren mailarik onena berreskuratzea espero dute bere hirugarren Liga jarraian irabazteko. Horrela izan beharko da Puigcerda bezalako taldearen aurka irabazteko. Kataluniarrek asko igo dute maila denboraldia aurrera egin ahala eta sasoi onean iristen dira finalara, finalerdian Bartzelona kanporatu ondoren.

Tuohimaa finlandiarra, Demiters letoniarra eta Tsaregorodtsev atezain errusiarra dira Puigcerdaren jokalaririk garrantzitsuenak. Orain dela hilabete bat jokatu zuten azkenengo aldiz kataluniarrek eta donostiarrek. Piriniotan izan zen neurketa eta 1-2 irabazi zuten Marcelinoren mutilek. Beste hiru aldiz egon dira aurrez aurre Txuri eta Puigcerda eta hiruretan irabazi zuten gipuzkoarrek, baina bakarrik Donostian jokatutako partidu batean erraz lortu zuten garaipena Txurikoek. Beste hiru emaitzak estuak izan ziren: 4-2, 2-3 eta 1-2. Ondorioz, neurketa orekatutak espero behar ditugu.

Talde osoa dauka bere esanetara Marcelinok. Machacek eta Larsson sukarrarekin egon dira astean zehar, baina egoera onean iritsiko dira neurketara. Aste honetan Ignacio Solorzano bueltatu da Estatu Batuetatik. Ikasketak betetzen egon da Amerikan eta finala jokatzeko iritsi da Donostiara, baina azken momentura arte ez du erabakiko Marcelinok deialdian sartzen duen asteburu honetako partiduetarako.

Zaleen laguntza

Taldea ez dagoela bere momenturik onenean aitortu zuen entrenatzaileak prentsaurrekoan, baina konfiantza dauka jokalariengan: “Joko aldetik ez da momenturik onena, baina taldea gogotsu dago”.

“Finalerdia ez zen erraza izan”, gogoratzen du Tito Marcelinok “eta finala gogorragoa izango da”. Horregatik “bihotzarekin eta buruarekin jokatu behar ditugu partidu hauek. Ez da beharrezkoa taldea motibatzea”, gehitu zuen.

Finaleko aurkaria, Puigcerdak, “ez zuen ondo hasi denboraldia, baina aurrera egin ahala, igo du bere maila eta neurketa zailak espero ditut”. Gakoa lehen partiduan egon daitekela dio Marcelinok: “Garrantzitsuena da partidu hori. Irabazten badugu, psikologikoki nabarituko dugu”.

Bukatzeko, afizioari deia egin zion entrenatzaileak: “Funtsezkoa da zaleak gurekin egotea eta Txuri betetzea”.

Comparte...
Share on Facebook
Facebook
Tweet about this on Twitter
Twitter