
Finalerako txartela lortu nahi du Txuri Urdinek
Finalerako txartela lortu nahi du Txuri Urdinek
Larunbatean eta igandean jokatuko ditu finalerdietako bigarren eta hirugarren partiduak Donostian eta garaipen bakar batekin nahikoa dauka sailkatzeko
Txuri Urdinek playoffetako finalean sartzeko aukera dauka asteburu honetan. Joan zen astean Madrilen lortutako garaipenari esker (1-2), nahikoa dauka partidu bat irabaztearekin Majadahondaren aurka eta bi aukera dauzka. Larunbatean da lehena, 22.05-tan. Galduzgero, igandean berriz egongo dira aurrez aurre talde gipuzkoarra eta madrildarra, 14.45-tik aurrera.
Madrilen argi geratu zen Majadahonda sasoi onean dagoela eta garaipena Txuriren bertsiorik onena eskatuko duela. Larri ibili ziren donostiarrak finalerdietako lehen puntua eskuratzeko. Nahiz eta 1-2 irabazi, ez zuten partidu ona jokatu La Neveran eta han emandako maila hobetu beharko dute Donostian hirugarren partidua soberan uzteko.
Madriletik minduta etorri zen Luis Gimenez, bizkarrean hartutako kolpe baten ondorioz, baina ez du jokatzeko arazorik izango. Juan Muñozek gripe prozesua izan du astean zehar baina izotzera ateratzeko moduan egongo da ere. Ondorioz, talde osoa izango du bere esanetara Marcelinok aurkarien joko fisiko eta gogorrari aurre egiteko.
Entranatzaile donostiarrak ez du erlaxaziorik nahi finalerdietako bigarren partidua jokatzeko: “Bigarren partiduan eskuratu nahi dugu finalerako txartela, baina ez da erraza izango. Madrilen argi geratu zen Majadahonda talde sendoa dela eta gure taldea ez dela playoffetara iritsi gustatuko zitzaidan bezain ondo”, dio Marcelinok.
Sarrerak, 10 eurotan
10 eurotan salduko dira larunbatean jokatuko den neurketarako sarrerak. Igandean, hirugarren partidua jokatzen bada, berdina izango da salneurria, baina larunbateko partiduan egon ziren guztiek 5 eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak.
Bestalde, Puigcerdan erabakiko da beste finalerdia. Piriniotako taldeak irabazi zuen lehen puntua Bartzelonan (4-5 irabazizgero) eta gaur eta bihar jokatuko dira gelditzen diren bi neurketak Gironako herrian. Bigarren partidua larunbat gauean izango da (22-tan) eta hirugarreana, beharrezkoa izanezgero, igandean (14.30-tan).
BAJAK:
Ez daude