
Historia egiten jarraitu nahi dute Txuri Urdineko neskek
Historia egiten jarraitu nahi dute Txuri Urdineko neskek
Finalerdietako lehen partidua jokatuko dute larunbatean Sumendiren aurka (13.30-tan)
Txuri Urdineko neskek historia egin zuten liga erregularrean lortutako hirugarren postuarekin eta historia egiten jarraitu nahi dute larunbatetik aurrera playoffetan. Sumendiren aurka jokatuko dute Izotz Jauregian finalerdietako lehen partidua (13.30-tan) eta lehen puntua eskuratzea daukate helburu, Gasteizera abantailarekin joateko hurrengo astean bi azken partiduak jokatzeko. Ez da erraza izango. Ez dira faboritoak Koldo Saenzen neskak eta ligako bi partiduak galdu zuten gasteiztarren aurka, baina konfiantzaz gainezka daude gipuzkoarrak eta argi daukate playoffak beste kontu bat direla eta kanporaketa aurrera atera dezaketela finalean sartzeko lehenengo aldiz.
Azken unera arte ez du jakingo Saenzek talde guztia izango duen bere esanetara, jokalari batzuk minduta dituelako. Edozein moduan, neurketa zaila eta gogorra espero dute Txuri Urdineko neskek. Espainiar selekzioko jokalari asko dauzkate gasteiztarrek bere taldean eta Abrisqueta, Garcia eta Larrauri dira jokalaririk arriskutsuenak. Hiruren artean 46 gol sartu dituzte.
Bigarren lekuan bukatu zuen liga Sumendik, Txuriren aurretik eta bakarrik Majadahondaren aurka jokatutako bi neurketak galdu zituen. 123 gol egin dituzte arabarrek eta bakarrik 14 jaso. Hala eta guztiz ere, donostiarrek partiduaren bila aterako dira. Bere aukerak izango dituztela uste du Saenzek: “Playoffak oso zailak eta ezberdinak dira. Tentsioa eta urduritasuna agertzen dira eta hori kudeatzea ez da erraza. Playoffetan, faboritoak beti gal dezakete”.