
Iñigo Domec: “Tituluak irabazteko lehian jarraituko dugu”
Iñigo Domec: “Tituluak irabazteko lehian jarraituko dugu”
Entrenatzaile berria eskertuta eta baikor agertzen da bere aurkezpenean
Iñigo Domec “eskerrak” eman dizkio klubari Txuri Urdineko entrenatzaile eta kirol zuzendaria izendatzeagatik. Lehen taldeko entrenatzaile berriak pozik eta gogoz dago aurretik daukan erronkarekin eta bere aurkezpenean baikor agertu da, azken urteetan lortutako tituluei jarraipena emateko ideiarekin. Rosa Zubeldiak, bestalde, aldaketaren arrazoiak azaldu ditu: “Aldaketa bat egin nahi genuen eta entrenatzaile berria klubaren filosofiari jarraipena emateko gai izan behar da. Iñigok ezaugarri hauek betetzen ditu eta, klubaren harrobian 13 urtez lan egin ondoren, lehen taldean jokatzen duten jokalari guztiak ezagutzen ditu”.
Domecek argi dauka “erronka zaila daukagula. Hiru liga jarraian irabazi ditu Txurik, baina azken bost urteetan ondo egindako gauzak aprobetxatzen baditugu eta hain ondo egin ez direnak obetzen baditugu, tituluak irabazteko lehian jarraituko dugu”.
Entrenatzaile berriaren ustez, arrakastak lortzen jarraitzeko biderik zuzenena honako hau da: “Harrobiari esker irabazi ditugu Ligak eta horretan sinesten jarraitu behar dugu. Txuri Urdin gara, etxeko jokalariak izan dira oinarria beti hemen eta hauei esker titulu asko irabazi ditugu 1972. urtetik. Horrela jarraitu behar dugu”, dio.
Hurrengo urtean plantilaren geihengoa jarraituko duela aurreratu du Domecek eta dauden bajak “etxeko jokalariekin beteko ditugu”. Uste du “kalitatezko jokalariak daudela harrobiko taldeetan eta haiek eskainiko digute salto bat emateko aukera”.
Babesle baten bila
Hurrengo denboraldirako entrenatzailea sinatuta dago eta orain babesle baten bila dabil Txuri Urdin. Orain arte ez du babeslerik aurkitu talde donostiarrak eta horretan dabil Rosa Zubeldiak: “Sponsor bat behar dugu, denboraldia oso luzea baita eta izotza ordaindu behar dugu, bidaiak egin behar ditugu, ekipazioa behar dugu ere… Lanean ari gara babesle baten bila, baina orain arte ez dugu ezer aurkitu. Ez da erraza, baina norbait aurkitu behar dugu. Aldundiak, Udaletxeak eta Jaurlaritzak laguntza haundia eskaintzen digute, baina erakundeetatik kanpo babesle bat behar dugu ere lehiakorrak izaten jarraitzeko”.