
Liga erregularrean emandako mailari eusten badiogu, finalean egon gaitezke
“Liga erregularrean emandako mailari eusten badiogu, finalean egon gaitezke”
Majadahondan hasiko du Txuri Urdinek larunbatean bere ibilbidea playoffetako finalerdietan eta entrenatzailea baikor agertu da
Majadahondan hasiko du Txuri Urdinek larunbatean bere ibilbidea playoffetako finalerdietan. Tito Marcelinoren mutilek han jokatuko dute lehen neurketa talde madrildarraren aurka 14.00tik aurrera. Bere arerioa atzean uzteko bi partidu irabazi beharko dituzte donostiarrek eta kanporaketa erabakiko dutenak Donostian jokatuko dira hilaren 23an eta 24an.
Liga erregularrean bikain aritu ondoren, Txuri Urdinek bere hirugarren liga jarraian irabazteko aukera dauka eta playoffak hasi aurretik dauzkaten sentsazioak azaltzeko agertu dira prentsa aretoan Tito Marcelino, Patrick Fuentes eta Luis Gimenez.
Hirurok onartzen dute faboritoak direla finalerdietan aurrera jarraitzeko, baina Madrildarra talde indartsua dela ez dute ahaztu nahi: “Liga erregularrean emandako mailari eusten badiogu, finalean egon gaitezke”, adierazten du Tito Marcelinok. Bere ustez, “Majadahonda talde ona da” eta argi utzi zuen aurreko igandean Donostian irabazten (4-9). Dena den, partidu guztiz ezberdina espero du Madrilen entrenatzaile txuri urdinak: “Talde ezberdinarekin joango gara Madrilera. Donostian, ligan minutu gutxi jokatu zuten mutilekin aritu ginen”, argitzen du donostiarrak.
Bi liga jarraian irabazi ondoren, hirugarrena irabazteko presioa agertzen da, baina entrenatzaileak pausoz pauso joan nahi du: “Lehen pausua Madrilen irabaztea da. Oso garrantzitsua da eta han garaipena lortuzgero, bi aukera izango ditugu etxean finalerdia erabakitzeko”.
Lau aldiz aurrez aurre izan ondoren, ondo ezagutzen du Marcelinok talde madrildarra: “Talde gaztea da eta asko patinatzen du. Ez da arerio erreza eta Majadahondan jokatutako azken partiduan 3-4 irabazi genuen, beraz asko kostatuko zaigu”. Larunbatean “erasotzaileak izatea” da gakoa entrenatzailearen iritziz.
Madriletik emaitza ona ekartzeko, Patrick Fuentesen laguntza izango dute txuri urdinek. Kanadan egon da azken hilabeteetan jokalari donostiarra eta playoffak jokatzeko bueltan dago. Aurrelaria prentsa aretoan agertu zen ere eta “momentu onean” sentitzen da, nahiz eta Kanadan egunero entrenatzeko aukerarik ez izan. “Joan den asteburuan jokatutako partiduak baliogarriak izan dira forma egoera ona hartzeko”.
Laugarren finala izango da Fuentesentzat eta argi dauka “garrantzitsuena lehen partidua irabaztea” dela. Partidu zaila espero du donostiarrak: “Ez da talde erraza, baina gure taldea oso ondo dabil. Jokalari onak ditugu”, gehitzen du, baina “ez dugu pentsatzen beraiek baino hobeagoak garela”. Hala eta guztiz ere “konfidantza haundiarekin goaz Madrilera”.
Luis Gimenezek, berriz, liga irabazteko gogo haundiak azaldu zituen hedabideen aurrean: “Ez dut inoiz liga bat bezalako garaipenarik lortu eta gogotsu nago. Playoffetan, liga erregularrean bezala aritu behar gara partiduak aurrera ateratzeko”, azaldu zuen.