Txuri Urdin, dobletearen bila

Txuri Urdin, dobletearen bila

Tito Marcelino eta Koldo Saenz baikorrak dira larunbateko finalei begira

Larunbat zoragarria izango da hurrengoa Izotz Jauregian. Txuri Urdineko neskek jokatuko dute 15.00etan playoffetako finaleko lehen partidua Majadahondaren aurka eta gauean, 21.30tan, mutilek Puigcerda izango dute aurkari finaleko azken partiduan. Irabazten duena izango da txapelduna, seriea 2-2 bueltatu baitu Donostiara.

Bi neurketa hauek aztertzeko agertu ziren Tito Marcelino, Ander Arraras, Koldo Saenz eta Oihana Zaldua hedabideen aurrean eta bi taldeetako entrenatzaileek eta jokalariek historiarako asteburua izatea espero dute.

Marcelinoren ustez, “berdintasun haundia egon da” mutilen finalean . “Bagenekien ez zela erraza izango eta partidua detaile txikietan erabakiko da”. Donostiarraren iritziz, joko aldetik “Puigcerda baino pixkat hobeto egon gara, baina horrek ez du ezertarako balio azken partidurako”.

Entrenatzaileak onartzen du “finala galtzea dezepzio txiki bat” izango litzatekela. “Inork ez du gustokoa final bat galtzea eta are gutxiago etxean”. Marcelinoren buruan “irabaztea besterik ez dago”. Horretarako zigorrei saihets egitea gakoetako bat izan litzateke, baina entrenatzailearen ustez gauza asko hartu beharko dira kontuan larunbatean: “Zaila da gakoarekin asmatzea. Atezainak oso garrantzitsuak izango dira. Baina gureaz arduratu behar gara. Dakigun bezala jokatu behar dugu eta hori eginez gero, Liga irabazteko aukera haundiak izango ditugu”.

Ander Arrarasen iritziz, “aurreko lau partiduetako mentalidadearin atera behar gara izotzera, urduritasuna alde batera utziz. Daukagun guztia emateko momentua iritsi da”, gehitu zuen. Bere ustez, “abiadura eman beharko diogu partiduari eta Puigcerdakoak baino gazteagoak garela nabaritu behar da”.

Neskak, lehen finalaren aurrean

Neskentzat “egoera berria” da hau, Koldo Saenzek esaten duen bezala. Sumendiren aurka finalerdietan ezustekoa eman ondoren, “gehiago nahi dugu orain” adierazi zuen entrenatzaileak: “Horrela lan egiten badugu, ez dakigu non dagoen topea”, gehitu zuen.

Sekulako aurkaria izango dute aurrean donostiarrek. Majadahondak partidu guztiak irabazi ditu, baina Koldo Saenzek gogoratzen du “Sumendirekin berdina gertatzen zela. Jokalari hobeagoak zeuzkaten, baina partiduak jokatu  behar dira”. Neskek daukaten “anbizioa” izango da bere argudiorik sendoena entrenatzailearen iritziz.

Oihana Zalduak, bestalde, presioa izan daitekela final honen gakoetariko bat uste du: “Guk ez daukagu Liga irabazteko presiorik eta Majadahondaren aurka partidu onak jokatu ditugu beti”. Talde donostiarrari sekulako indarra eman zion Gasteizen egindako lana: “Oso pozik gaude. Irribarretsu gaude aurreko asteburutik, ez genuen hain urruti iristea espero eta dena posible dela ikusi dugu”, bukatu zuen jokalariak.

 

Comparte...
Share on Facebook
Facebook
Tweet about this on Twitter
Twitter