
Txuri Urdin ligaren bila doa Majadahondara
Txuri Urdin ligaren bila doa Majadahondara
Etxetik kanpo jokatuto dituzten bi partiduak irabazi beharko dituzte donostiarrek asteburu honetan
Iberdrola Ligako finaleko lehen partidua galdu zuen Txuri Urdinek Donostian joan den asteburuan (0-3) Majadahondaren aurka baina, hala eta guztiz ere, finalari buelta emateko asmoarekin bidaiatuko dute gipuzkoarrek Madrilera larunbatean. La Nevera Izotz Jauregian erronka zaila daukate: Majadahondaren aurka jokatuko dituzten bi partiduak irabazi beharko dituzte donostiarrek. Madrilgoek ez dute partidurik galdu denboraldi osoan, baina donostiarrek Gasteizen lortutakoa errepikatzeko ideiarekin aterako dira izotzera.
Euskadiko hiriburura lehenengo partidua galdu ondoren joan ziren ere txuri urdinak eta gasteiztarrak faboritoak ziren kanporaketa pasatzeko, baina sekulako maila eskaini zuten Txuri Urdineko neskek etxetik kanpo bi partiduak irabazteko eta finalera pasatzeko lehenengo aldiz. Oraingoan, beharbada, zailagoa izango da donostiarrentzat, arerioa sendoagoa baita, baina Koldo Saenzen neskek ikusi zuten Donostian ez daudela Majadahondaren mailatik hain urrun.
Defentsa lanetan oso ondo ibili zen Txuri Urdin Donostian eta atzekaldean egindako lana errepikatuz gero, partiduan egongo dira azken unera arte. Majadahondaren atearen aurka finagoak aritzen badira, madrildarrei min egiteko gai dira Koldo Saenzek entrenatzen dituen neskak.
Madriladarrak ligako talderik sendoena izan dira hasieratik bukaeraraino, baina Txuriren aurka beti kostatu zaie garaipenak lortzea. Hiru aldiz neurtu dituzte bere indarrak Txurik eta Majadahondak eta hiruretan emaitza berdina errepikatu da: 3-0.
Oraingoan markagailuari buelta ematea espero dute donostiarrek larunbatean 22.00tik aurrera. Partidu hori irabaziz, igandean jokatuko litzateke hirugarrena, 13.15tik aurrera.