
Txuri Urdinek galtzen du eta bi partiduak irabazi beharko ditu Majadahondan
Txuri Urdinek galtzen du eta bi partiduak irabazi beharko ditu Majadahondan
0-3 nagusitu dira madrildarrak Donostian
Txuri Urdinek ezin izan zuen finaleko lehen puntua eskuratu etxean eta 0-3 galdu ondoren, bi neurketak irabazteko beharrarekin bidaiatuko du hurrengo asteburuan Majadahondara. Gipuzkoarrek ondo eutsi zioten partiduari lehen ordu erdian, defentsan sendo arituz eta arriskuarekin irtetzen aukera zeukatenean. Baina 31. minutuan aurreratu zen talde bisitaria eta hortik aurrera ezinezkoa izan zen donostiarrentzat partiduari buelta ematea.
Inongo konplexurik gabe atera ziren izotzera Koldo Saenzen neskak lehen zatian. Ondo presionatu zuten talde Madrildarra lehen minutuetan eta asko kostatu zitzaien madrildarrei partidua Txuriren ate ingurura eramatea. Lehen zatiko azken minutuetan bai lortu zutela Majadahondako neskek arriskua sortzea, baina orduan agertu zen Julia Embid. Jakako atezainak 18 geldiketa egin zituen lehen zatian zehar eta honen ondorioz, neurketa 0-0 iritsi zen lehen atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran gehiago iritsi ziren gipuzkoarrak atezain madrildarraren ingurura. Senacen bidez, arrisku dexente sortu zuten. Aurreratzeko zorian egon ziren donostiarrak, baina 31. minutuan, Julia Embidek ezin izan zuen gelditu bisitarien jaurtiketa hirukoitza eta Ramosek 0-1ekoa egin zuen. Ia jarraian, 37. minutuan, kontraeraso batez baliatu zen Rivera 0-2koa jartzeko madrildarrek lau jokalariekin ari zirenean. 0-2koarekin iritsi zen neurketa bigarren atsedenaldira, donostiarrek ezin izan baitzuten aprobetxatu Majadahondaren zigor bikoitza bigarren zatiko azken minutuetan.
Hirugarrenaren hasiera erabakigarria izan zen. Vegak, berriro kontraeraso batez baliatuz, 0-3koa lortu baitzuen. Hortik aurrera maldan gora zeukan partidua talde txuri urdinak eta ezinezkoa egin zitzaion neurketari buelta ematea.
Galtezearren, ondorio positiboak atera ditzakete donostiarrek eta Madrilen ezustekoa emateko argudioak erakutsi zituzten izotz gainean Donostian.
FITXA:
Txuri Urdin, 0 (0/0/0):
Embid; Bermejo, Ruiz, Ibarrola, Aizpurua, Hernández, Refojos, Senac, Amaia Unzurrunzaga, Zaldua, Onintza Unzurrunzaga, Naiara Michelena, Corrales, Marauri, Irizar, Serna, Solagurenbeaskoa.
Majadahonda, 3 (0 /2 /1):
Leticia Díaz, Laura López; Prieto, Ramos, Martín, Álvarez, Jimena Del Pino, Carlota Del Pino, Elena Álvarez, Merino, Rivera, Sara Danielsson, Laura Danielsson, Lucía Díaz, Sanca, Ansoleaga, Muñoz.
Golak: 0-1: Ramos (min. 31). 0-2: Rivera (min. 37). 0-3: Vega (min. 41)
Epaileak: García, Trobajo y Biec. Expulsiones: Aizpurua, Michelena, Marauri, Álvarez, Rivera (2) Sara Danielsson, Sancha (2), Vega.
Ikusleak: 400 inguru.