
Txuri Urdinek Kopa irabazi nahi du etxean
Txuri Urdinek Kopa irabazi nahi du etxean
Final Four-a ospatzen da Donostian asteburu honetan
Txuri Urdineko neskek denboraldiko azken erronka izango dute asteburu honetan. Kopako Final Four-a jokatuko dute etxean, Txuri Urdin izotz jauregian.
Donostiarrek, bere jendearen aurrean denboraldia borobiltzeko aukera izango dute, baina horretarako Sumendi gainditu beharko dute finalerdian eta finalean Majadahonda eta Valdemororen arteko partiduaren irabazleari irabazi beharko diote.
Lehen neurketa larunbatean 18tan jokatuko dute Koldo Saenzen neskek eta ligako finalerdiaren arerio berdina izango dute aurrean: Sumendi gasteiztarra. Nahiz eta playoffetan garaile atera, gipuzkoarrek argi daukate neurketa gogorra izango dutela finalerdian. Ligan erregularrean jokatutako bi partiduak erraz irabazi zuten gasteiztarrek, baina playoffetan gauzak erabat aldatu ziren. Gasteizen bi partiduak irabazi zituzten Donostiakoek eta horri esker finalerako sailkatu ziren. Hirugarren partidua jarraian irabaztearekin egiten dute amets Koldo Saenzen neskek.
Euskal finalerdia bukatu ondoren, 21.15tan, derbi madrildarra jokatuko da. Majadahonda eta Valdemoro egongo dira aurrez aurre. Majadahondarrak dira faboritoak. Ez dute partidurik galdu denboraldi osoan eta talderik indartsuena da dudarik gabe. Txurik zailak jarri zizkion gauzak ligako finalean eta donostiarrek gauza berdina egiteko ideiarekin hasiko dira Final Four hau. Baina lehen erronka Sumendi irabaztea da, hori gabe ez da finalarik egongo.
Koldo Saenzen ustez, “ligako finalera iritsi ondoren, ezin gara gelditu lortutakoaz gozatezera. Oraindik kopa daukagu” eta bertan itxura ona emateko helburua daukate. Lehenengo erronka, Sumendi berriro gainditzea izango da: “Asko kostatu zaigu Sumendi irabaztea, baina jokalariek mentalki buelta eman zioten eta horri esker Gasteizen bitan irabaztea lortu genuen”.
Maider Mitxelenak “gogoz eta ilusioz” daudela dio eta etxean jokatzea laguntza haundia izango dela gehitzen du: “Jendearen babesa eta animoak nabarmendu genituen ligako finalean eta giro berdina bizi ahal izatea espero dugu”, esaten du.
Kopako finala igandean 13.45tan ospatuko da eta goizago, 9.00tan, hirugarren eta laugarren posturako partidua jokatuko da.
- Finalerdia:
Txuri Urdin-Sumendi (Apirilak 13, 18.00etan)
- Finalerdia:
Majadahonda-Valdemoro (Apirilak 13, 21.15etan)
- eta 4. Postua:
Apirilak 14, 9.00tan
Finala:
Apirilak 14, 13.45tan