
Txuri Urdinek liga irabazteko aukera dauka Puigcerdan
Txuri Urdinek liga irabazteko aukera dauka Puigcerdan
Finaleko 3. eta 4. partiduak jokatuko ditu, Donostian bat irabazi eta bestea galdu ondoren
Txuri Urdinek Liga irabazteko aukera dauka asteburu honetan. Gipuzkoarrek Puigcerdan jokatuko dituzte finaleko hirugarren eta laugarren partiduak Donostian bat irabazi eta bestea galdu ondoren. Piriniotan jokatuko diren bi neurketak irabazi behar dituzte hirugarren aldiz jarraian txapeldunak izateko bostgarren partidua jokatu gabe. Larunbatean 22.00tan egongo dira aurrez aurre Txuri eta Puigcerda eta igandean, 15.30tik aurrera. Puigcerdak aukera berdina dauka. Biak irabaziz gero, txapeldun izango litzateke eta talde bakoitzak garaipen bat lortuz gero asteburuan zehar, bostgarren neurketa Donostian izango litzateke hurrengo astean.
Tito Marcelinoren mutilek ondorio argi bat atera zuten lehen bi partiduetatik. Bost jokalariak pistan egonda aurkaria baino hobeak dira donostiarrak, baina asko sufritzen dute zigorrekin. Talde trebea da kataluniarra jokalari bat gehiagorekin jokatzen eta min haundia eragin zion Txuriri era honetan bigarren partiduan. Horregatik zigorrak sahiestea izan daiteke bi hurrengo partiduetako gakoa Txuri Urdinekoentzat.
Puigcerdan sekulako giroari egin beharko dio aurre Txuri Urdinek. 1.200 pertsona inguru joaten dira Palau del Gelera astero eta pista iskanbilatsua da Gironakoa. Hala eta guztiz ere, han irabazteko gai izan dira Tito Marcelinoren mutilek denboraldi honetan. Han jokatutako bi partiduetan nagusitu ziren (1-2 eta 2-3).
Fase erregularrean eta finaleko lehen bi partiduetan ikusitako berdintasuna espero da bi hurrengoetan. Lehenengoa irabazten duena, txapeldun izateko aukera izango du hurrengo egunean eta presio guztia aurkariari pasako dio. Donostiarrek bajarik gabe bidaiatuko dute Puigcerdara.