TXURI URDIN - MAJADAHONDA

Larssonek debuta egingo du Madahondaren aurka

Larssonek debuta egingo du Madahondaren aurka

Bi asteko atsedenaldia hartu eta gero, ligara bueltatzen da Txuri Urdin larunbatean (21.45). Gipuzkoarrek Majadahonda izango dute aurrean. Tito Marcelinoren mutilek ligaren lehenengo postua ziurtatuta daukate, beraz Larsson fitxaketa berriaren estreinaldia izango da partiduaren erakarpen nagusia. Aste honetan hasi da bere taldekide berriekin entrenatzen eta, entrenatzaileak dioen arabera, “utzi dituen sentsazioak onak dira, baina partidu batean ikusi behar dugu konklusioak ateratzeko”.

Txurik, Larssonen laguntza edukiko du madrildarren aurka aritzeko, baina hiru jokalari galtzen ditu neurketarako, Alberdi, Gil eta Zaballa Espainiako 20 urte azpiko selekzioarekin baitaude.

Marcelinok partidu gogorra espero du: “Zaila izango da neurketa, Majadahonda talde leihakorra delako. Talde gaztea daukate eta asko patinatzen dute. Baina etxeko partiduak aurrera atera behar ditugu”, adierazten du. Arerioa azkenengo postuan sailkatuta dago, baina oraindik playofferako sailkatzeko aukera dauka. Txuri izan da nagusi bi taldeen artean jokatutako hiru partiduetan, eta larunbatekoa izango da liga erregularrean jokatuko duten azkenengo neurketa.

Txuri Urdineko entrenatzaileak ondo ikusten ditu  bere mutilak oporrak pasa ondoren. Uste du “atsedenaldi hauek kalte geihago” egiten dietela “gaizki dauden taldeei, ondo gaudenei baino” eta azpimarratzen du “presiorik gabe jokatzeko abantaila” daukatela lehenengo postua ziurtatuta baitago. “Hori abantaila izango da guretzat”. Lasaitasun horrek jokalari guztei minutuak eskeintzeko aukera ematen dio Marcelinori, helburu argi batekin: “Playoffera ondo iristea”.

Comparte...
Share on Facebook
Facebook
Tweet about this on Twitter
Twitter