
Liga jokoan Txuri Urdinen
Liga jokoan Txuri Urdinen
Txuri eta Puigcerda izango dira aurrez aurre larunbatean (21.30tan) finaleko bostgarren partiduan. Irabazten duena, txapelduna izango da
Irabazten duena, txapelduna izango da. Horrela azaltzen da larunbat honetan (21.30tan) Txuri Urdinek eta Puigcerdak jokatuko duten partidua. Finaleko bostgarrena izango da. Aurrekoetan garaipenak banatu zituzten: bi lortu zituzten Marcelinoren mutilek eta beste bi kataluniarrek.
Gaurtik aurrera ez da beste aukerarik egongo. Txapeldunak festa antolatuko du, galtzailearentzat malkoak geratuko dira, besterik ez. Denboraldi guztia gaurko unean pentsatzen prestatu dute bi taldeek eta Marcelinoren mutilek, aspaldiko partez, bere jendearen aurrean txapeldunak izateko aukera daukate. Aurretik irabazitako bi ligak Jakan irabazi zituzten. Larunbat honetan, itzotz jauregia jendez gainezka egongo da donostiarrak bultzatzeko garaipenaren bila. 70eko harmarkadatik ez ditu hiru liga jarraian irabazten Txurik. Azken urteetan lortutakoaren kontua ematen du datu honek.
Donostiarrek plantila osoa daukate neurketa erabakigarri hau jokatzeko. Borja Kabrak eskumuturrean hartu zuen min larunbateko partiduan eta ezin izan zuen igandean jokatu, baina hausturarik ez dauka, astean zehar hobeto sentitu da eta jokatzeko prest egongo da.
Puigcerdakoek, berriz, bi jokalari garrantzitsu eduki dituzte kotoien artean aste honetan. Riverok mina hartu zuen larunbateko neurketan eta Boronatek, igandekoan. Biek bidaiatuko dute Donostiara, baina baliteke topera ez egotea.
Baldintza hauetan iristen dira finaleko azken partidura ligako bi talderik onenak. Txurirentzako garrantzitsua da zigorrei saihets egitea, Puigcerdak bere power play linea sendoa ez erabiltzeko. Ateak izango dira ere partiduko beste gakoetariko bat. Alcaine eta Tsaregorodtsev atezain bikainak dira eta bi taldeei sekulako ziurtasuna ematen diete.
Sarrerak ostegunean agortu ziren
Larunbatean, 21.30tik aurrera, liga erabakiko da eta Marcelinoren mutilek historia egin nahi dute hirugarrena jarraian eskuratuz. Sekulako festa egongo da lortzen badute, izotz jauregia erabat beteta egongo baita. Sarrerak ostegunean agortu ziren.